Scroll to top
  • freneseu

Brindoseko aintziraren legenda

Ezagut ezazu Brindoseko aintziraren legenda liluragarria!

Images d'antan du lac de Brindos

Behin bazen –animaliak mintzo ziren denboran (oraino frankok hitz egiten dute)– andere xahar-xahar bat, eskalea, taulaz egin ttattola batean bizi zena Brindoseko aintzira bazterrean.

Nehork ez zekien ez nor zen, ez nondik heldu zen. Zenbaitek zioten aztia zela, besteek sorgina zela. Denak haren beldur ziren.


Egunaz ez zen sekula ateratzen, eta ilargirik gabeko gauez ere ez. Baina ilargiak lainoen artetik ur barearen gainera zilar-izpiak igortzen zituelarik, orduan andere xaharra ateratzen zen.

Makila adabegitsua eskuetan, ile urdinak aurpegi zimurra –sagar idortua baino zimurragoa–, inguratzen ziola, kanaberen ondora jartzera joan zen. Han beha egon zen, inkantazio bitxiak marmarikatuz.

Artetan adaxka-sua pizten zuen, eta kea zuzen-zuzen igaiten zen, haizea bazelarik ere, eta auzoko arrantzaleak kezkatzen zituen horrek.
Haietarik bat, besteak baino kuriosagoa, andere xaharraren barrandan egon zen gau batez. Ximenki kukuturik zuhaitz lodi baten gibelean, zelatan eman zen eta beha egon.

Ilargi betea zen gau hartan. Aintzirak dir-dir egiten zuen argi hotzaren azpian, platinozkoa iduri. Ez zen hostorik mugitzen zuhaitzetan, eta igelak plazerez klok-klok ari ziren ihien artean.

Andere xaharra hinki-hanka heldu zen eta ur bazterrean jarri. Gauerdi. Zutitu zen, atzamar eihartuak luzatu zituen igebelarrei buruz, zenbait hitz erran arrantzaleak ezagutzen ez zuen hizkuntza batean. Eta orduan, mirari bat gertatu zen.

Igebelar bakoitzetik emazte ezin ederragoa atera zen, tximeleten hegalak baino finagoko oihalez estalirik. Lehenik bi emazte, gero hiru, lau, hogei, ehun.

Aintzira bete zuten inguma zoragarriek, eta dantzan hasi. Aintzira inkantatuan, arrantzaleen begi xoratuen aitzinean, ballet paregabea hasi zen ilargiaren azpian.
Ur gainean lerratzen ziren, airatzen, oihal luzeak zeruraino zihoazen edo ur gainera jausten, aintzirak irensteko bezala.

Gau hartaz geroztik, urtean behin, miraria berriz hasten da irailaren 14an, gauerditan ttanko. »

Illustration de la légende de Brindos